XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldizk.- Ea, ea, Antonio. Esaiguzu zer den butroia.

Ant.- Butroia? Burdinezko uztaidun arrantzarako sare estuaz eginiko zorro mutur luze bat zen butroia. Zuhaitz adarra astindu, erlesemea bota sare barrura, aldi berean zaku batean sartu hau, zakua itxi, hartu galtzarbean eta etxera. Horrelaxe ibiltzen ginen.

Aldizk.- Eta eztia? Ezti asko izaten al zen?

Ant.- Bai, erruz. Eztiarekin hazitako umeak gara gu. Meriendatzeko beti ogi gainean eztia izaten zen gure etxean. Gauza bat esan behar dizuet. Eztia hain da janari indargarria, ahogozatu egin behar da, listuz ongi busti, eta ahoan lasai-lasai erabili ondoan, jan behar da. Ez du balio bestela.

Aldizk.- Eztia nola ateratzen zenuten esango al diguzu, Antonio?

Ant.- Eztia nola atera, galdetzen duzue? Ez zenukete burutik pasa ere egingo. Erlauntzatik abaraskak askatu, sagar zaku garbi batean sartu, eta gero, trailu bidez zakua estutzeko modua egin behar izaten zen, behin eta berriro bihurritu, estutu behiak jeizten diren bezala eta era horretan moldatzen ginen. Soberakinak erletegira erleen gozamenerako eta kitto. Hondakinok erlauntzetatik oso hurbil ez zaizkie jarri behar, bestela itsutu egiten dira eta erabat nahastu erleak.

Aldizk.- Eta eztia zein garaitan ateratzen zenuten?

Ant.- San Migel hilberan beti. Eta esango dizut zergatik. Eztia urte sasoi horretarako erleak onduta edukitzen duelako. Ezti ona izaten genuen. Hara, lurrezko ontzietan (kankarro handiak), oraintxe bezalaxe edukitzen zen gurean eztia. Tapa txukun bat ipiniz gero, ez da arazorik izaten. (Kristalezko ontzi batean duela 17 urteko eztia dauka hertsiki itxita. Harrez gero ez omen du ontzi hura ireki, ea urteetan nola kontserbatzen den ikusi nahi nonbait). Dasta ezazue nire eztia beste lurrezko ontzi hauetako batetik.

Aldizk.- Bai, oso ona eta erabat fina.

Ant.- Noski.